Abuztuaren 10 eta 11an Kabia - Espazio Kreaktiboa >Errenteria-Orereta elkartuko gara teknologiak eskaintzen dituen sormen aukerak eta erabilera sozialak maite ditugun lagun talde bat. Topaketa honen helburua bikoitza da, alde batetik, inguruko agente eta kolektiboak garatzen ari diren proiektu eta ekimenak aurkeztea. Bestetik, interesa duen ororentzat zabalik egongo diren tailerrak egitea; kultura askea, irekia eta elkarlanean oinarritua zabaltzea ardatz hartuta.
Ostirala, abuztuak 10, Tabakalerako laboratorioen proiektu egoiliarrak aurkeztuko dira. Horien artean: tripulatu gabeko hegazkinak, laser izpien bitartez gauzak ebakitzen dituzten gailuak, kutsadura detektatzeko gailuak, datuak eta pertsona sareak ikusgarri egiteko tresnak ... Proiektu horiek guztiak dokumentatzen ari gara ondoren nahi duenak errepikatzeko aukera izan dezan. Garapen prozesuak ere irekiak dira.
Larunbata, abuztuak 11, haur eta helduei zuzendutako tailerren eguna izango da. Kartulinak eta hautsitako jostailuen motor txikiak hartu eta robotak eraikiko ditugu, aurpegiak eskaneatuko ditugu eta 3D inprimagailu batean inprimatuko ditugu eta zaharkitutako edo erabligarriak ez diren etxetresnak eta gailu elektronikoei erabilera berriak ematen ikasiko dugu. Tailer horietan parte hartzeko ez da ezagutza berezirik behar, kuriositatea eta ikasten dugun bitartean ongi pasatzeko gogoa besterik ez. Eguerdian elkarrekin Kabian bertan piknika egitea da gure asmoa. Arratsalde amaieran Arduinoren inguruko dokumentala proiektatuko dugu. Arduino hardwareak mota askotako gailu elektronikoak gure eskuekin sortzeko aukera eskaintzen duen teknologia librea da. Dokumentala euskaraz ikusteko aukera izango dugu elkarlanean lan egitea ahalbidetzen duten tresnei esker. Online ikusteko aukera ere izango da azpitituluak Universal Subtitles plataforman ipiniko baitira.